|
Bertsolari Txapelketa Nagusia
1997
II. TXAPELKETA NAGUSIAREN HISTORIA TTIPIA
IV. BERTSOLARI PARTEHARTZAILEAK
V. BERTSOA EPAITZEKO IRIZPIDEAK
VII. TXAPELKETAKO BERTSO HAUTATUAK
|
VI. HITZAURREA / Jon Abril eta Mikel Aizpurua
Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiogu Bertsozale Elkarteari aukera
paregabe hau emateagatik. 1997ko Bertsolari Txapelketa behatzeko talaiarik
ederrenean kokatu baikaitu. Bertatik, epaimahaiaren tentsiorik gabe baina
hautaketa lanak eskatzen duen arretaz gozatu izan dugu txapelketa. Ahoz eta bat-batean sortutako bertsoak transkribatu behar izan dira, entzun eta idatzi. Lan eskerga (eta batzutan esker gabeko) hau Martin Aramendik egin du. Aurreko Txapelketako liburuetan eta Bertsozale Elkarteak argitaratzen dituen BAPATEAN liburuetan agertzen diren transkripziorako irizpiderik ez goaz hona aldatzera. Baina aritu ez denak ez du jakingo zenbaterainoko lanak ematen dituen. Bertsolari bakoitzak du bere estiloa, bere pentsamoldea, bere izakera, hau da, bere bertsokera. Txapelketa batean bertsokera guztiek dute tokia, denak dira aberasgarri. Bakoitza bere berezian gozatzea da bertsozalearen zoriona. Gazte eta gazte izandakoek eman digute zer txalotua txapelketaren zehar. Guztiek, lan gaitza ondo burutu duen gai jartzaileen taldeak proposaturiko gaiei erantzun diete. Gizartea bere zabalean isladatu duten gaiak izan direla uste dugu. Txapelketa batean, bertsolariak bere-berea duen mezua zabaltzeko aukera gutxi du. Agurreko bertsoez gain bakarkako zenbait ariketetan (azken oina, azken aurreko puntua emanda) emandako hitza, edo puntuaren zabaltasunaz balia daiteke horretarako. Hona hemen 1997ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren haizeak ekarri dizkigun uso batzuk. Buru-bihotzeko heltzean poliki-poliki presta itzazu eta on dagizula. Jon
Abril
|