|
Bertsolari Txapelketa Nagusia
2001
I. ATARIKOA
(Inazio Mujika Iraola)
II. SAIOZ SAIO
III. KRITIKA
IV. IRITZIAK
V. DOINUAK
(Joanito Dorronsoro)
VI. ERANSKINAK
|
I. ATARIKOA
/ Inazio Mujika Iraola
"Beldurrak
nago ez naizela gauza izango hartu dudan egiteko hau behar bezala betetzeko.
Izan ere, euskaldun ona izateko, eskas ageri zait nire burua zenbait aldetatik:
sagardoa ez dut gogoko, dantzan -askatuan behintzat- ez dut egiten eta
pilotan arras traketsa naiz. Horien guztien gain, eta hau da hemen dihoakigun
auzia, ez dakit ia ezer zezenei eta zezenketari buruz". Horrela hasten
zen orain berrogeita bost bat urte Koldo Mitxelenaren liburu kritika famatuetako
bat, Manolete toreatzailearen gainean Altubek idatzitako idazti bat abiapuntu
harturik. Hitzez hitz sinatzekoa dut neuk ere, batzuetan estuago besteetan
lasaiago, Mitxelena "euskalgaiztotzen" zuen lau puntuko zerrenda.
Sagardoaren kontuan, lasaiago jokatuko nuke nik, aldian behin bederen
atseginez dastatzen baitut; estuago, duda handirik egin gabe, dantzarenean,
ez askatuan ez lotuan naizelako ez Fred Astair ez Iztueta; pilotan, ez
zait zaila neure burua Mitxelena bezain trakets irudikatzen; eta zezenetan
ere, ameto: ezer ez jakiteaz gain, jakiteko gogo gutxi dudala eranstea
zilegi bazait. Hainbaten buruan beste alderdi bat ere baluke euskaldun
onak, ordea: bertsolari izatea ez bada ere, bertsoa atsegin izatea behintzat.
Aitortu behar dut nire bertsolari izaera eskas baino eskasagoa dela eta
ez dela hobetzen -are, okertzen dela deritzat- baxoerdi pare bat hartu
ondoren. Mitxelenari bezala, inork bilatzeko lana hartuko balu, aurkituko
lizkidake neuri ere saio bat edo beste erreka zuloaren ilunpe baketsua
jaso beharrean paper txukunaren argia ikusi zuena, eta askoz gehiago ez.
Hortaz, garbi dezadan zer arraiotara natorren liburu honen atarikoa idaztera,
labur beharrean bada ere. Argitaratzaileek pentsatu zuten, berez, bertso
liburu bati ekitekotan bere kabaletan dagoen nornahik saltatzen duen atala
idazteko bertsolaritzaz kanpoko begirada bat agertzeak ez liokeela oker
nabarmenik, ez behintzat konpon ez zitekeenik, ekarriko liburuari, eta
lan horretarako ez zutela bertsolari bat nahi, bertsozale urrutiko izanda
aski zela. Eta horretan asmatu zuten: bertsozalea naiz. Ez, sutsu, itsu,
ero, zentzutik kanpoan diren horietarik; ez, bere gogo guztia bertsoan
daukan horietarik; bere solasak eta ametsak ere hartaz egiten duten eta
beste gauzaz inor mintza ere dakion nahi ez duten horietarik; ez, bertsoa,
bere lurretik ate, zeru urdinaren pare jartzen duten horietarik; ez, nonahi
eta noiznahi bertsolari baten beharra sentitzen duten horietarik. Baina
maite dut, bihotzez maite, bertsolaritzak dakarren hizketa modu egoki
eta berezi hori, arrazoitze miresgarria, une jakin batean, une bakanetan,
sortzen den ateraldi biribil baten pindartasuna. Aitorpen honekin ez pentsa
politikoki zuzenaren ildoan kokatzen ari naizenik, egingo nuke, hainbat
girotan, zuzenago ibiliko nintzatekeela arestiko Mitxelenaren lau puntuko
zerrendari dakizuen bosgarrena erantsi izan banio, eta, eransten hasita,
bertsolaria jende arraroa dela edo aldarria jo izan banu.
Gogoko dut bertsoa, ordea, aspalditxotik, hunkitu, aspaldian hunkitu ninduelako,
ia bertsolari bati gertatzen zitzaizkion ustekabeak eta ezbeharrak inork
jarritako gaiari erantzuteko modu bat besterik ez zela bereizteko gauza
ez nintzen garaitik, seguruena. Aitona zena irrati tresnari belarria erantsita
irudikatzen dut, Loiola Irratiari, inguruko guztien isiltasuna eskatuz,
zorrotz galdatuz; eta neure burua gogoratzen dut aldez haren irribarrea
eta aldez haren begi gorri negar bezperakoak zaintzen. Maitasunez gordetzen
dut, eta ez daukat saltzeko, haren Brabanteko Jenobebaren bertso liburua
(etxe hartan zegoen liburu bakarretako bat), argizari mantxa eta guzti
-inoiz negar malkoen arrastoak ez ote diren pentsatu badut ere-. Aitonaren
eskutik ikusi nuen lehen bertso saioa garai bateko Astoria zaharrean,
eta Xalbadorren bertsoak entzuten gozatua hartu nuela esango banu, ez
nuke gezur txikia esango, ikaragarri handia baizik, ez bainion tutik ere
ulertu. Baina Urepeleko aitatxi haren -sasoiko gizona izan arren, aitatxi
zen hamar bat urteko mukizu batentzat ia edonor- kantatzeko posturak jo
ninduen betiko. Luze, ikaragarri luze egiten zitzaidan mikrofono aurrean
jarri eta kantari hasi aurreko tarte hura. Atezuan nindukan aulkiari lotuta.
Segundo batzuk ziren, baina une sakratua, ia erlijiosoa, iruditu zitzaidan
-eta iruditzen zait- gaia eman eta kantatu arteko tarte hori. Hunkigarria.
1980an ordaindu nuen lehen aldiz neure diruz bertso saio baterako txartela.
Carmelo Baldan izan zen saio hori, eta urtarrila zen. Esango nuke egun
hura, eta egun hark aurretik eta gerora sortu zuen saltsa dagoela nire
bertsozaletasunaren oinarrian. Garai hartan euskara trebatzeko ahaleginean
ari nintzen, eta ez nituen oso ongi ulertu han gertatu ziren hainbat gauza,
han esan ziren hainbat hitz eta esaldi, baina entzun nituen esamoldeak
eta bertsoak oro deszifratu arteko onik ez nuen izan. Bihur bekizkit hesteak
harri hori ez bada horrela. Bertso asko ikasi nituen buruz, eta oraindik
ere gogoratzen zaizkit saio hartako asko eta asko. Esate baterako, eta
zendu berri delako dakart lerro hauetara, gogoan dut saio hartan Xanpun
izan zela lehen kantaria, lehen agurra egin behar zuen bertsolaria, eta
agertoki batean antzezle baten lehen esaldia balitz bezala sentitu nuen
bertso hura sakratu. Ez izan arren bertsorik onena, neure almazen txikian
gordetzen dut beste hainbaten ondoan, batzuk betegintzarrearen gailurra
zapaldu zutenak, eta beste batzuk, gailur horretatik urruti egon arren,
zerbaitengatik hunkitu nindutenak. (Bide batez esanda, lehertuko bainaiz
esaten ez badut, ez dezagun akatsgabetasuna gailurrean jar. Bertso "akatsdun"
asko ezagutzen dut nik erraiak iraultzen dituenik, eta, aldiz, akatsgabeko
asko, hotz baino (euskal tradizioaren arabera) okerrago, epel uzten nauenik.
Liburu honetan bertan bietarik aurkituko du irakurleak).
Bertsozaletu nintzen, beraz, baina ez zen nire egarria bertsoak entzuten
bakarrik berdintzen zen horietakoa. Bertsolari zaharragoen bertsoen bila
hasi nintzen, eta horretan bazen, beharrik, egarria non berdindu, Antonio
Mª Zavalaren Auspoari eskerrak. Komunikazio ekintza miresgarri hari
buruzko lan teorikoen bila ere hasi nintzen, ordea, eta horretan egarriak
geratu beharrean nintzen. Gauza gutxi aurkitu nuen, bai; ez haatik, ezer
ez, eta, bakoitzari berea baita legea, aipa ditzadan, besteak beste, Lekuona
zaharraren aspaldiko lanak, haren iloba Juan Marirenak eta Zavalaren bosquejoa.
Gainerakoan zegoentxoak bazuen, gainera, deskuido larria neure ustez,
iritzi zabaldua baitzen, beharbada Aitzolen garaitik zabaldutakoa, goi
mailako poesiaren arabera neurtu behar zela bertsolaritzaren ekarria.
Gaur egun, zorionez, garatzen eta zabaltzen hasita dago ikerketaren barrutia.
Bi funtsezko alderditatik zabaltzen eta garatzen ari, gainera: Bertsolaritza
kanpotik bizi dutenen aldetik eta barrutik bizi dutenenetik (inoiz ez
zaie merezi duten bezala eskertuko Egañari eta Sarasuari egiten
ari diren barrurako begiratuaren hustuketa). Alderdi askotatik begiratuta
da interesgarria lan teorikoa kezkatzen gaituen auzi honetan, bertsolariak
loreak udan ihintza bezala behar baitu bere lana kanpotik ikusten duenaren
iruzkina; eta kanpokoek, berriz, txoria gari tartean goseak ez hiltzeko
moduan behar dugu barruan ari direnen berri jakin.
Alderdi horretatik begiratuta, argazki bat da, irakurle, irakurtzera prestatzen
ari zaren liburu hau. Bi argazki, hobe esan. Lehen argazkian bertsoak
aurkituko dituzu. Orotariko eta ororentzako bertsoak. Kantatzeko argazkia
duzu, beraz. Bertso-liburuak, aspaldiko maisu batek esaten zuenez, ez
baitira irakurtzen, kantatzen baizik, nahiz eta azken bolada luzeko bertsolariek
belarri zaildugabeko gizagaixoontzat lana zailtzen primeran egiten duten
lan. Bigarren argazkia duzu, berriz, bertsozaleak, bertso adituak edo
aztertzaileak eta bertsolariak kezkatzen dituzten hainbat gai ukitzen
dituena. Gaur-gaurko kezka horien argazkia ere bada liburua, beraz. Nik
benetan nahi nukeena da argazki album itxuroso bat osatzeko gauza izan
gaitezen. Kantatzeko albuma urtez urte eta txukun-txukun, nahiz argitaratzaileak
salmentarekin kexu azaldu, emendatzen digute Bertsozaleen Elkarteko adiskideek:
eta "Bapatean" sailari nagokio. Irakurtzeko argazkiak falta
zaizkit. Corpus historikoaren azterketa serioa, eta, horrekin batera,
urtero-urtero egiten denaren, ekarpenen, hitz batean, berrikuntzena. Eta
ez bakarrik txapelketarena, urtez urteko emaitzarena baizik. Izan ere,
paradoxa badirudi ere, bertsozaletu ninduenaren antzeko saioek, txapelketek,
nola halako sentimendu gazi-geza sortu didate gerora. Okitze puntu bat,
esango nuke. Liburu honetan bertan Joxerra Garziak ongi esaten duen bezala,
ez alferrik da bera bide horretan urrutien iritsi dena, txapelketan bertsolariak
entzulearengan eragitea ez ezik irabaztea ere badu xede, eta nago horrek
ez ote duen gauza asko desitxuratzen. Ez naiz ni txapelketaren kontra
mintzatuko, ez nolanahi behintzat -nola, txapelketa batean bertsozaletu
banintzen?-, baina saiatu behar genukeela deritzat txapelketa bere lekuan
jartzen.
Irakurtzeko eta kantatzeko zabaldu duzun liburu hau izan dadin aurreneko
urrats ibilbide, ezen ez lasterketa, luze batena.
|