|
Bertsolari Txapelketa Nagusia
2001
(Inazio Mujika Iraola)
(Joanito Dorronsoro)
|
3.FINALA / DONOSTIA Epaile
baten finalaren eguneko kronika
Inguruari arreta larregi eskaini barik, epailegunerantz jo nuen, neure betekizun eta eginbeharraz gero eta jabetuago. Epailekideen aurpegiak ikusteak irribarrea marraztu zion neureari, talde lana bakarlana baino askoz eramangarriagoa baita. «Heldú dok egun handí!» esan nion neure buruari autora sartzean. Eta egun handi horren itxaropenean abiatu nintzen Donostiarantz, autobidea hartuta. Inguruko bazterrak ohiko eran azaltzen ziren. Ez zirudien egun handiaren etorrerak bereziki itxuraldatu zituenik zeru-mendi-soro-etxe-bideak. Nik, ostera, desberdin ikusten nituen, biziago, sentikorrago, erakargarriago Irratian bai, han-hemengo euskal emisoreetan Txapelketa zen berbagai nagusia: datuak, iritziak, elkarrizketak Donostiara sartzeaz batera, harritu egin ninduen irrati batek Andoniri egin zion elkarrizketak. Zuzenean ari omen zen azken uneko kontuak azaltzen: gosariaren berri, nerbioen eta presioaren aipuak Omenak ere erdia ustel. Aurreko egunen batean grabatutako elkarrizketa horrek komunikabideen iruzurkeriaz eragin zidan gogoeta. Erdal emisoreetara ere eraman nuen irratiko diala, jakin-minez edo, eta orduan gogoratu zitzaidan erdaldunak kaka baino lasaiago bizi direla bertsorik gabe. «Euréntzako txárrau!» kontsolatu nuen neure burua. Eta ezjakintasunean bizi direnen sasizoriontasunaz egin nuen zehar-hausnar. Belodromora hurbildu ahala, ugalduz joan ziren egun hura handia izango zelako zantzuak: ibilgailu andanak eta jende mordoak ari ziren apurka-apurka belodromoratzen. Autoa aparkatu eta sarrerara hurbildu ahala zantzu horiek biderkatu egiten ziren, begirada, aupada, irribarre eta keinu bihurturik. Nik ez dakit epaile batek zer sentitu behar lukeen egoera horretan, baina ni neu behintzat, une hartan, bertsozale sentitzen nintzen, bertsozale familia handi eta beroaren senide. Eta sentimendu xume horrek harrotasunez betetzen zidan barrua. Lehia kutsuak ere bazuen pisurik belodromora sartzen ari zen gizatalde haren baitan. Izan ere, ohiko bertsozaleak ohiko saioetan baino adierazkorrago eta zalapartatsuago zebiltzan, eta ohiko bertsozaleak ez zirenak, berriz, zer esanik ez! Lehia usain horrek berorrek oroitarazi zidan, hain zuzen ere, egun hartan epaile lana egin behar nuela, eta baita bizkar gainean erantzukizun handia nuela ere. Hori guzti hori, barrutik neraman baina. Eta kanpotik nahikoa lan nuen honelakoetan berez jartzen zaidan mozolo aurpegierari eusten. Belodromoaren sabela beti bezain jende-egarri zegoen. Hango aulkiak beti bezain ipurdi-gose. Nik uste dut belodromoari berdintsu diola bere barrunbe erraldoian zein ekitaldi mota egiten den. Baina seguru nago Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, mitinetako berbajario bortitzik eta makrokontzertuetako doinu gortzailerik ez badu ere, zirrara berezia sortzen duten ekitaldien multzoan duela sailkaturik. Txamarra, zorroa eta enparauak neure mahai zatian utzi ostean, mahai ondoan berez-berez sortu zen epaile ingurutxora sartu nintzen, azken orduko oharrak eta zirrarak neure lankideekin konpartitzeko. Belodromo barrua justuria baino arinago ari zen metamorfoseatzen, bazterrak jendez josten. Gure ondotik pasatzen ziren bertsozaleek adi-adi begiratzen ziguten, batzuek jator, bestetzuek mehatxakor, gurekiko zuten sentimendu koiunturalaren adierazgarri. Ezagunen animuzko aupadarik, zorionez, ez zen falta izan zelanbaiteko trantze hartan. Ekitaldia hasteko hamar bat minutu falta zirela, miraria jazorik zegoen: belodromoaren behe maldatsuaren luze-zabalean buru itsasoa ageri zen, higikor, berritsu, dardarti. Orduan -honelakoetan gertatu ohi zaidan moduan- bakailao kazuelaren irudia etorri zitzaidan akordura. Denboratxo batez bertsozaleak gora eta behera, aurrera eta atzera, eta pil-pilean ibili ondoren hango aulki bitarte eta karrajuetan barrena bakailaoaren gelatinakiak kazuelako olio berotan ibiltzen diren antzera, jende-saltsa erabat ligatuta zegoen, ondo lodituta eta mahairik exigenteenean aurkezteko moduan. Hamaika-hamaiketan hasi zen entzuten txapelketa osoan zehar atzerakuntzarik gabe entzuten izan dugun sintonia lasai eta ezagugarria, oso era leunean bertsolanaren esparruan sartzen izan gaituena. Eta sintoniarekin bateratsu, egun handiaren protagonista nagusiak: zortzi bertsolariak eta txalo hots bihotz zulatzailea. Lehen agurrak aurikularretatik entzun nituen, bertso saioan murgilduz joateko, baina bihotzari nahi zuena sentitzeko bideak guztiz libre utzirik. Zortzi agur desberdin, zein baino zein original eta pertsonalagoa. Zortzi bertsolari are desberdinagoak, baina zortzi-zortziak entzuleria orotariko bezain bakana gogobete guran. Atariko gogoangarria, nire bihotz-belarriak nekez ahaztuko dutena. Konturatu orduko, finalaren ariketa puntuagarrietan sartuak ginen, edo bestela esanda, belarrietatik sartzen zitzaizkigun artelan neurtu eta errimatuak zenbaki bilakatzen hasiak ginen, lerroz lerro, puntuz puntu, alez ale, lanez lan. Lanean dihardudala lasai nago, neure zereginean erabat kontzentraturik. Bertsoek eta lanek aurrera egin ahala, begitantzioa daukat bertsolariak ez direla goia jotzen ari. Polito, sendo, txukun, kolpe bat hemen, ateraldi bat han, baina aparteko distirarik gabe. Begitantzioa diot, itxuraz begitantzen zaiguna eta puntuak batu ostean irteten dena sarri ez direlako bat izaten. Unai eta Sustrai zortziko txikian ari zirela gertatu zen lehenengo ustekabe zirkunstantziala: oholtza gaineko argi indarra joan egin zen bertsolari biak sexu jardunen inguruan ari zirela. Lehenik Sustraik baliatu zuen etena, bikain baliatu ere, argirik gabeko proposamena egiteko. Segidan Unaik emango zion errematea, maisuki eman ere, koitus interruptus-aren arriskuaz ohartaraziz. Lanbide gutxitan bilakatzen da arte inork egindako hanka-sartze teknikoa. Bat-bateko bertsogintzan dabiltzan zenbait artista, berriz, kapaz dira Murphyk egindako zangalatrabua euren artelanaren maila koska bi gorago jasotzeko igogailu bihurtzeko. Kantuak kantu eta kontuak kontu, lehen puntuen ariketara heldu ginen eta hemen gertatu zen, hain zuzen ere, Murphyren bigarren erasoa. Halako batean gure aurikularretako soinua joan egin zen, Jesus Mari kantuan ari zela. Eskerrak aurikularrik gabe ere ondo entzuten zen! Goizeko
saioa amaitu bezain laster, jende oldea abiatu zen mokadu bila. Goizeko
saioa luze joan zen, baina egia esateko ez zen aspertzeko moduko bertso-lanik
egon. Saio bakoitzak izan zuen bere xarma, bertso bakoitzak bere ukitua.
Bertsolari guztiek utzi zuten euren karismaren arrastoa han edo hemen.
Eguerdiko otordurako plan desberdinak zeuden aukeran: etxetik ekarritako
bokatak bazterren batean jatetik hasi, eta Donostiako Alde Zaharrera
joanda tabernaz tabernako pintxo jana egiterainoko |