Bertsolari Txapelketa Nagusia 2001

 

I. ATARIKOA

(Inazio Mujika Iraola)

 

II. SAIOZ SAIO

1. FINAL LAURDENAK

*DONIBANE-GARAZI

*LEGAZPI

*AMURRIO

*LESAKA

*ELORRIO

2. FINALAURREKOAK

2.1. Lehen itzulia

*ETXARRI-ARANAZ

*MARKINA-XEMEIN

*AZPEITIA

2.2. Bigarren itzulia

*HENDAIA

*BILBO

*TOLOSA

3. FINALA

Saioa

Kronika

3.1. Goizeko saioa

3.2. Arratsaldeko saioa

Bertso-hautaketa:

Hasierako agurra

Binaka, 10eko txikian

Binaka, puntutan

Kartzelako lana

Goiz-arratsaldeko
puntuazioak

3.3. Buruz burukoa

 

III. KRITIKA

 

IV. IRITZIAK

 

V. DOINUAK

(Joanito Dorronsoro)

 

VI. ERANSKINAK

 

 


Egaña

Kartzelako lana

Gaia: Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke. Hiru bertso, nahi duzun neurri eta doinuan.

Neurria: Bederatzi puntukoa
Doinua: Nere gorputza dardarka daukat

Aturritikan Ebro tartean
gauza onik ezin soma,
inondik ere egin baidegu
erreten sakon-sakona;
nere aurretik aita nuen ta
aitan aurretik aitona...
Ez degu lortu baina haurrentzat
desio dugun zoriona.
Behingoagatik lortu nahi nuke
jendearen jaramona!
Kartzeletako lau horma,
eskoltak hara ta hona...
Herri aske bat utzi nahi diet
ta herrian aske gizona,
ta horretarako egin nahi nuke
nere eskutan dagona.

Lortuko degun ala ez degun
denbora bera da juez,
ilusioa behintzat badegu,
horretan gaude indarrez.
Baina zergatik gabiltza denok
aurpegi ilun samarrez?
Hemen oihu bat egin nahi nuke
esperantza gorazarrez.
Etorkizuna hobea dela
egingo nuke nik trabes:
gure helburu ta amets
guztiak kunplitu baietz!
Badakit ondo asko gaudela
pentsakera desberdinez.
Postura denak onartzen ditut,
baina ajolik eza ez.

Bizi dadila gure herri hau,
bizi bedi iritzia!
Askatasuna izan dadila
bake bidez iritsia!
Orduan pozik egingo nuke
askatasun irrintzia.
Maiz helburuak aipatu arren,
bideak du garrantzia;
bidea zein den nik neuk bederen
ez dut oraindik ahantzia.
Zenbat gogo ta antsia!
Eta ate bat itxia.
Nik Euskadi bat amestu nahi dut
inortxok ez irentsia;
hori litzake nere haurrentzat
nik nahi dudan herentzia.

Maia

Kartzelako lana

Gaia: Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke. Hiru bertso, nahi duzun neurri eta doinuan.

Neurria: Zortzi puntukoa
Doinua: Zuek horrela ikusi eta

Aturri ez da bakar-bakarrik
bide baten doan ura;
hamaika aldiz amets eginez
sartu naiz bere barrura!
Tamalgarria izan da sarri
gure herriko itxura.
Aspaldian arrengura
heldu da euskal mundura.
Gainera, hor dago muga.
Askatasuna nahi det zuentzat,
hizkuntza eta kultura,
hain zuzen ere gure herriai
lapurtu dioten hura. (bis)


Belodromoa batasuna da,
hori denontzat argi da;
hemen herri bat ikus dezaket
Lizarratik Garazira.
Gure herria ikusi nahi det
gaurko egunan neurrira,
ta ez sasitik sasira,
beti mila tira-bira...
Ta azkenengo orrira
sartu gaitezen, gero artian
esperantzaren harira,
iraganari lotuak baina
etorkizunai begira. (bis)


Herri bat gera, Euskal Herria,
horixe bere izena;
sentimentutan beretzat daukat
sentimenturik gorena;
zin egiten det berarekiko
loturikan nagoena.
Seme-alabaren pena,
bihotzeraino zuzena,
alda dezagun ordena.
Benetan diot: nik emango det
barruan dudan onena,
seme-alabek izan dezaten
guk izan ez genuena. (bis)

Irazu

Kartzelako lana

Gaia: Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke. Hiru bertso, nahi duzun neurri eta doinuan.

Neurria: Zortzi puntukoa
Doinua: Baserrian jaio nintzan (Habanera)

Aturritikan Ebrora
mendetako ibilera,
joan daneko aspaldian
ez ote doa gainbehera?
Buruak ez du ematen,
bihotzak berriz minbera,
bidea baidijoa hor
bakar batzun arabera;
kolpeka bakarrik goaz,
baina norantza gainera?
Irriparrerik ez dago,
sufrimentua sobera.
Herri bat omen gera bai,
baina ezin egin aurrera
lau urtean behin bakarrik
elkartzen baldin bagera.

Ekintzarikan ez dago,
hitz politak mingainean;
geroari guk zer utzi
hor ari gera lanean.
Ezer geldituko ote
saiatzean ordainean?
Bertsoak elkartzen gaitu,
elkartzen gaitu sailean.
Herri hau Belodromoa
bere zentzu gordinean,
txirrindularitza pista
hor daukagu eskinean,
Euskal Herria horixe
baidegu azken finean:
buelta ta buelta gabiltza,
baina irten ezinean.


Gerorako nahi det herri
bat ederra ta anitza,
sinbolo ez du zertan izan
betiko bertsolaritza.
Atertu behar hortako
alde bietako ekaitza,
geldi beharko hortarako
hainbeste eraso bortitza.
Zein ote irtenbidea
ta zeinek ote du giltza?
Denek berea jarri nahi,
denek daukate baldintza.
Kontua hala omen da:
erabakia ta hitza.
Hau konponduta zegoen
hori bakarrik balitza!

Iturriaga

Kartzelako lana

Gaia: Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke. Hiru bertso, nahi duzun neurri eta doinuan.

Neurria: Zortzi puntukoa
Doinua: Baserrian jaio nintzan (Habanera)

Orain arteko bizitza
izan da nahiko tristea,
ta noizbait iristen bada
noanaren albistea,
nahi nuke orain arteko
kate lodia haustea,
gozoa izan dadila
gure etxeko gerizpea,
lagun bihurtu daitezela
bai bata ta bai bestea,
errespetuan lehenbailehen
ta guztiok sinestea.
Nik gure ondorengoei
gura nieke uztea
gure duintasuna eta
gure Euskal Herri askea.


Ohikoak izan ditugu
gure herrian liskarrak,
nahiz ta batzutan estali
Belodromoko aparrak.
Badakit gu ez garela
sufritu dugun bakarrak.
Aurrez aurre jarri gaitu
aurrera egin beharrak.
Nahiko nuke bukatzea
behingo baten garai txarrak,
kartzela eta torturen
testimonio zatarrak,
etxera etor daitezela
preso berri eta zaharrak,
kartzelan bakarrik utziz
joandako egunen marrak.

Denetik izan daiteke
komedia edo drama;
euskaldunok izan dugu
borrokalarien fama;
hitza bihurtu liteke
egunen batean arma;
alaba bihurtu leike
noizbait nere iloben ama.
Egindakoa eginda
herria ezin da bana;
orain artean eraman
badugu guk gure zama,
ez pentsa gero horrela
bukatuko danik dana;
jakin zazue: oraintxe
hasten da egizko lana.

I. Elortza

Kartzelako lana

Gaia: Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke. Hiru bertso, nahi duzun neurri eta doinuan.

Neurria: Zortzi puntukoa
Doinua: Gure lurrean hedatua da


Gure lurrean hedatua da
bildurra ta gorrotoa,
ilusioa ta gero ere
dator belarrondokoa.
Herria dugu jokoa,
geu al gara oztopoa?
Baina herri hau beti izan da
zintzoa ta berbakoa;
aurki dezagun gakoa,
behar den bezalakoa,
hurrengoeri ez emateko
lehengoei jasotakoa. (bis)

Elkarrizketai zer dela eta
horrenbeste erreparo?
Gero etxe ta tabernan zehar
badabil mila berbaro!
Sufrimenduan zeharo
bizi izan gara luzaro,
baina aurretik dugu oraindik
egun bat baino gehiago;
berandu baino lehenago,
joan gaitezen azago;
gure herriak duen onena
oraindik gordeta dago. (bis)

Belodromoan bizi-bizirik
herri baten sentimena,
ez dugu behar geu izateko
beste inoren baimena.
Oraina eta lehena,
gero bihur litekeena,
mila arazo dauzkagu baina
geu ez al gara problema?
Izango ahal dugu ahalmena
ta beharrezko den dena
beste noranahi eramateko
hemen batu gaituena! (bis)

Lujanbio

Kartzelako lana

Gaia: Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke. Hiru bertso, nahi duzun neurri eta doinuan.

Neurria: 16ko handia
Doinua: Haizea dator iparraldetik II

Konponbidea duena al da
gure herriko kasoa?
Handik atake pozoitsua ta
bestetikan erasoa.
Barnean ere pozoia sobran,
ta hori da arazoa;
herria hola ezin liteke
egon goruntza jasoa.
Bertsolari lez eman nuen nik
nere bizitza osoa;
erretiratu nintzen ta orain
ikusleen aulkitik soa.
Aturritikan Ebro bitarte
oso luze da pausoa,
tartean dago Belodromoa,
txaloaren itsasoa.


Lehen esaten " zer eingo degu
gure hizkuntza hiltzean?",
baina hori ere jasotzen gabiltz
orain hitzean hitzean.
Bersolaritza ere ez dago
hain egoera hitsean,
ez dago behintzat garai bateko
kinka larriko trantzean.
Nere alabai esaten diot
zaharrek neri antzean,
arreta jarri dezala ongi
Belodromora sartzean,
begiratua luza dezala
jarriz han goiko ertzean,
ta esperantza dasta dezala
zuen txalo bakoitzean.

Gaur da finala, zabal begiak
ta ikustazu alaba,
lehengo egoera latza orain da
zorionaren balada;
begira zenbat gazte datorren
gaur berso saioetara;
denak elkarren lagun gera gaur,
batera herri bat gara.
Mikrofonoai begira hara
hamar mila begirada;
isiltasuna eta ondoren
zuen txalo zaparrada,
zorionaren irrifarrak ta
emozioan dardara...
Alaba, hementxe herri bat dago
ikusi nahi dunik bada.