Bertsolari Txapelketa Nagusia 2001

 

I. ATARIKOA

(Inazio Mujika Iraola)

 

II. SAIOZ SAIO

 

III. KRITIKA

 

TO ARRAPOSTUAK (Karlos Aizpurua)

 

GAIAK ERE BADU IKUTUTAKOAN NABARMEN GERATZEN DEN ALDEA (Rufino Iraola)

 

FINALEKO MATAZAN (Joxerra Garzia)

1. Atturritik Ebrora belodromoan barrena

2. Testua, testuingurua eta egoera

3. Arrazoibideak eta dialektika

4. Bertsoa berbaldi: estrategiak, estiloak, ekarpenak

5. Erregistroak, ahotsak eta mintzoak

6. Betelana?

7. Errima gortzen ari ote zaigu?

8. Azken arrazoia

 

IV. IRITZIAK

 

V. DOINUAK

(Joanito Dorronsoro)

 

VI. ERANSKINAK

 

 

 

III.KRITIKA / FINALEKO MATAZAN (Joxerra Garzia)


Aulki itxurako eskultura egiten duen eskultorearen arte lana juzkatzerakoan, astakeria galanta litzateke eskultura horren "eserigarritasuna" hartzea juzkuaren oinarri nagusitzat. Orobat litzateke astakeria artisau batek egindako aulkia parametro estetiko hutsetatik juzkatzea. Hots: zerbait juzkatu nahi denean, dena delako zer hori zer den eta zer izan nahi lukeen, horrexen arabera juzkatu behar da, juzkua taxuzkoa izango bada. Zehatzago esanda, izan nahi lukeena izatera iristen den ala ez, hori da neurri jator bakarra.

Gure lantxo honek, 2001eko Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko azken saioa du aztergai. Ikusiak ikusi eta -batez ere- entzunak entzun, nahitaezkoa deritzat saio hori zer den eta zer ez den hasieratik beretik argi eta garbi uzteari, horrelako saio batek eman nahi eta ezin duenik eska ez diezaiogun.

Txapelketa Nagusiko finala bertso saio bat da, ez gehiago ez gutxiago, baina bertso saiotik bertso saiora bada alde pittin bat, eta ez naiz ari finalak sortarazten duen miraz bakarrik: bertsolariak saio bakoitzari ezartzen dion xedeaz ari naiz, batez ere.

Bertsolariak -eta horretan badirudi bat gatozela denok- entzulearengan eragitea du xede nagusi: entzulearengan emozioak sortaraztea, entzulearengana "iristea". Hori, nire ustez, ez da aldatzen saiotik saiora: dela afalosteko saioa, dela plaza libre nahiz ohiko jaialdia, bertso trama zein saio monografikoa, entzulearengan eragitea lortu ezean alferrik dira gainerakoak. Txapelketako finalean, ordea, xede nagusi horrekin batera honako beste bi xedeok ukan ditzake bertsolariak:

-Irabaztea, edo/eta
-Ekarpen berriak egitea.

Bi xedeotatik lehena, irabazteko (edo ahalik punturik gehien lortzeko) asmoa da, dudarik gabe, txapelketak bereen duena, txapelketako saioei beren izaera propioa ematen diena. Gainerako saioetan bezala, saioa ona irten dadin ahaleginduko dira bertsolariak, baina saio arruntetan baino arreta handiagoa jarriko diote, beti ere, norberaren emaitzari. Hori hala da, eta komeni ere komeni da hala izan dadin. Besterik da ahalik eta punturik gehien lortzeko bidea eta jendearengana iristeko bidea bide bat bera ote diren, ala diren bide kontrajarriak. Beste hainbeste esan daiteke ekarpen berriak egiteko xedeari dagokionez. Batetik, saio arruntetan ere ez dio inork debekatzen bertsolariari ekarpenak egitea. Are gehiago, nago orain, duela urte batzuk ez bezala, txapelketaz kanpo ez ote diren egiten ekarpenik aipagarrienak.

Aitortu zein ez, uste dut hiru xedeon arteko gatazkak eragin dezentea izan duela azken finalean. Ez dakit bertsolariek garbi ote duten hiru xedetan zeinek duen horrelako saio batean lehentasuna. Ezetz esango nuke: jokoa jolas eta jolasa joko bihurtzearena errazagoa da esaten izaten baino. Entzuleen artean, berriz, garbi dago batzuek, bertsolariek sortarazi dieten emozioen arabera egiten dutela finaleko juzkua. Beste batzuek, adituek-eta, saioan zehar bildu dituzten perla eta berrikuntzen arabera. Ez da, beraz, harritzekoa, iritzi kontrajarriak aurkitzea gero finalari buruz.

Bertsolariak eta entzuleak, horiek dira bertso saio batean, edozein eratakoa delarik ere bertso saio hori, ezinbesteko diren osagarri bakarrak. Gainerakoei (antolatzaile, gai-jartzaile, soinu-arduradunei eta abarri), gauzak bertsolariek beren xedea lortzeko eta entzuleen beren igurikapenak betetzeko moduan antolatzea baino ez dagokie. Saio arruntetan, xedeak eta igurikapenak argi eta garbi daudelarik, erraza da lan hori. Huts egin liteke, noski, baina ez xedez nahastu garelako. Txapelketan, berriz, errazagoa da nahastea, xedeak eta igurikapenak ere nahasi baitabiltza bai bertsolariengan bai entzuleengan. Hori dela eta, buruhauste bat baino gehiago sortzen dituzte horrelako saioek, bai ariketak finkatzerakoan, bai gaiak proposatzerakoan. Bada gairik bertsolariari eragiteko bidea lautzeko propio jarrita dirudienik. Atturritik Ebrorainokoa, esaterako, halakoxea zen: Herria, Belodromoa, biba-guka hasteko moduko gai potolo maiuskulo antonomasikoa. Barrea ere eragin behar izaten da, ordea, tarteka, eta horretarako ez dago surrealismo ukitu bat bezalakorik: aitona baratzean bilobaren neoprenozko jantzian, esaterako. Gaiak ez ezik, ariketak ere baziren, bertsolarien trebetasun teknikoa neurtzeko propio jarriak. Gai beraren inguruko lau puntuak, esaterako, edo hitza emanda bederatziko txikia osatzekoa.

Bestela esanda: ohiko saioetan gaiak izaten dira. Txapelketan, berriz, gaiak eta ariketak. Bitxia bada ere, badirudi zenbat eta eginarazten zaion bertsoaldiak ariketa itxura nabarmenagoa izan, orduan eta erosoago jarduten du, oro har, bertsolariak. Beharbada, ariketaren izaerak ebazten diolako gatazka: teknikoki luzitzea da kontua, eta ariketa bera zaio, kasu horretan, koartada.

Gaia gai denean, aldiz, litezkeen hiru helburuetatik zeini men egin ez dakiela geratzen da bertsolaria. Ez, ordea, bertsolaria bakarrik: entzuleak ere, entzule arrunt zein adituak (epaile, kritikari, ikertzaileak… ) halaxe geratzen dira-eta. 2001eko finalean, gerora zer esanik gehien eman duen gaian ikus liteke hori argien: Atturritik Ebrorainokoan, alegia. Gai hori baliatuko dugu, hain zuzen ere, finalari buruzko iruzkinen mataza askatzeko hari muturtzat.