Bertsolari Txapelketa Nagusia 2001

 

I. ATARIKOA

(Inazio Mujika Iraola)

 

II. SAIOZ SAIO

 

III. KRITIKA

 

IV. IRITZIAK

 

URRATS GILTZARRRI BAINO AREAGO (Andoni Egaña)

 

HIRU BERTSO ETA BI IRUZKIN (Jon Sarasua)

 

GAIAK JARTZEAREN KATRAMILA (Laxaro Azkune-Manuel Olano)

-Zer dago gai batzen atzean?

-Txapelketako gaiak

-Gaien garapena: arazoak eta ñabardurak

-Sexu markaren gorabehera

ATZO ETA GAURKO TXAPELKETAK (Iñaki Murua)

 

V. DOINUAK

(Joanito Dorronsoro)

 

VI. ERANSKINAK

 

 

 

IV. IRITZIA / GAIA JARTZEAREN KATRAMILA (Laxaro Azkune-Manuel Olano) (31)


Zer dago gai baten atzean?

Gai batek alde asko bildu behar ditu berez ona izango bada. Berria, gaurkotasuna duena... izan behar du batetik eta bestetik, bertsolariaren mundu erreferentziala bilatu behar du. Horrezaz gain, derrigorra da entzuleak ere gaiaren gutxieneko ezaupidea izatea. Gaiak zer esana izan behar du, eta bertso iturria ireki behar dio bertsolariari. Edozein gai delarik, aurkezteko unea eta lekua ere egokiak izan behar dute. Bertsolaria motibatu behar du gaiak, eta bertsolariak gaiari heltzen dion bideak eta erak publikoarekin konektatu behar du. Eta azkenik, esaten asmatu behar du bertsolariak.

Gai berriak jarri behar direla esa-ten denean, jai dago gai berri hori entzuleek ezagutzen ez badute eta bertsolariak horretaz zer eta nola esan ez badaki. Nikolas Zeberiok beti esan izan dio gai berri-en inguruan zerbait proposatzen duenari: "Hizketan zer esango huke heuk gai horre-taz? Hizketan esan ezin bada bertsotan ez duk errazago izan-go!" Ez da aholku txarra gaiaren ahalbideak neur-tzeko. Teknika mailako aurrerape-nekin gertatzen zaigu hori sarritan. Pentsa noiztik dabilen gure artean internet, eta oraindik ere kosta egiten da horrelako gai batek funtzionatzea.

Egaña eta Elortza
Argazkia Joantxo Egaña/XDZ

Hala ere, pixkanaka ari da sartzen, bertsolariek erabiltzen dutelako, entzule artean gero eta ezagunagoa delako, eta gero eta gehiago direlako horri buruz dauden informazioak eta ezaupideak.

Bestalde, zeinen zaila den bertsolarien mundu erreferentzialarekin asmatzea! Bakoitzak duen mundua du, baina jaialdietan-eta ikusten da bakoitzak zein aldetatik dituen alde onak eta zeinetatik herrenak. Estereotipoak ere sortzen dira sarritan bide horretan. Txapelketan ordea ez da horrelakorik, tokatzen zaionari heldu behar. Ez pentsa, ordea, beti kalterako izaten denik, gertatzen dira ustekabe ederrak.

Gaurkotasuna behar du, izan ere, hurbilean eta bero-bero dauden gaiek gehiago motibatzen dute bertsolaria eta arretatsuago jartzen entzulea. Betiko kontuak baldin badira, ez dute horrenbeste motibatzen ez bertsolaria eta ez entzulea ere.

Gai batek lantzeko era asko ditu, eta horretan ere asmatu egin behar da: sakontasuna nahi bada, bakarkakoa egokia da gaiaren alde bat landu nahi denean; bertsolariak motibatua egon behar du horretarako, eta txapelketa da garantia gehien duen plaza. Jaialdietan ez dira bakarkako gai sakonetarako baldintzarik onenak gertatzen beti: tokia, entzulea, ekitaldia, bertsolariaren momentuko baldintza pertsonalak, (pasa duen eguna, egin dituen saioak...). Begirune berezia eskatzen du kartzelako gaiak: denek kantatu behar dute, eta gai onaren baldintza guztiak betetzeaz gainera, bide bat baino gehiago ireki ditzakeena behar luke. Asmatzen oso zaila, bestalde, ahalegindu arren.

Ofiziotan gai sakonak erabiltzen dira. Eta batzutan errazago ere bada zenbait gai erabiltzeko, ikuspegi bakarretik landu ordez, ofiziotakoak, gaiaren bi aldeak lantzeko aukera ematen baitu. Hamarreko handian edota txikian, sei puntuko edo neurri berezietan ere landu daitezke, baina aurkako ofizioak aurkitu behar dira, eta beti ez da erraza bi aldeak orekatzen, zer esana izanik ere, diskurtso ez erosoagoa izaten baitu beti batek. Gaiari arin heldu nahi bazaio eta ziriak sartu, tiroak bota nahi badira, neurri laburrak proposatu izan ditugu txapelketetan -koplak, zortziko txikia, puntukako ariketak...- egokienak direlakoan. Ez datoz denak ados, baina plazako ihardunak arrazoi ematen digu gehienetan.

Eta formulazioan, aurkezpenean, asmatu behar da. Behar duen informazioa, ez gehiago baina ezta gutxiago ere, eman behar da hitz egoki eta garbiz, batez ere bertsolariak baina baita entzuleek ere gaia lehen kolpean uler dezaten. Eta nork hasi erabaki behar da eta zuzen asmatu.