Bertsolari Txapelketa Nagusia 2001

 

I. ATARIKOA

(Inazio Mujika Iraola)

 

II. SAIOZ SAIO

 

III. KRITIKA

 

IV. IRITZIAK

 

URRATS GILTZARRRI BAINO AREAGO (Andoni Egaña)

 

HIRU BERTSO ETA BI IRUZKIN (Jon Sarasua)

 

GAIAK JARTZEAREN KATRAMILA (Laxaro Azkune-Manuel Olano)

 

ATZO ETA GAURKO TXAPELKETAK (Iñaki Murua)

 

V. DOINUAK

(Joanito Dorronsoro)

 

VI. ERANSKINAK

 

 

 

IV. IRITZIA / ATZO ETA GAURKO TXAPELKETAK (Iñaki Murua)


Duela hogei urte ekion nion Txapelketa Nagusiko ibilbideari. Denak ziren ni adina eta asko ni baino gehiago. Orduko koadrilaz oroitzean Olalde, Otaño, Joxe Ramon Etxeberria, Ziarda, Telleria, Peña, Mendizabal, Lizaso, Begiristain, Attola, Loidisaletxe, Matxinandiarena... talde sentipena dut gogoan. Ikasiz ondo pasatzeko grina inor, inor baino gehiago izatekoa baino.

Taberna eta Silveira
Horregatik, min eman zigun exkaxenak aukerarik gabe uztea zela iruditzen zitzaigun proposamen hark, hau da, nobatoekin aurre sailkapena egitea baina entzulerik gabe eta epaileen aurrean. Edozein azterketa egitearen pare; urduritasuna eta nekea baina, sailkatzea lortu ezik, sufrimendua bizkarrera beste inolako satisfaziorik gabe. Nire ustez, ordea, bertsotan hasi berri denak, aurreneko, egiten duen ahalegin eta bertso bakoitzeko entzuleen babesa ezinbestekoa du konfiantza hartzeko eta gehiago saia dadin pizgarri gisara.
Taberna eta Silveira
Argazkia: Joantxo Egaña/XDZ

Horri eman genion, guk antolatu genuen txapelketan, lehentasuna eta ez erosotasun edo ekonomia irizpideei.

Hortik hasi genuen gure txapelketen ibilbidea, askok hasi orduko amaitu zutena eta gehienok -tematiak izan!- etsi gabe jarraitu duguna.

1982koan Telleria eta Mendizabalek aurrera pauso handia eman zuten, Peña eta Lizasok denok amesten genuen gailurra zapaltzea (zapaldu, zapaldu, Lizasok bakarrik egingo zuen...) lortu zutelarik. Laukote horrekin batera pausoa eman ez izanak pena handia eman zidan, izan ere, saio mordoa elkarrekin egin urtean zehar eta, hasi berritan bereziki, antolatzaileek plazako saioetarako aukeratzerakoan oso aintzakotzat hartzen duten rankinean atzera gelditzea, tristea izan zen niretzat.

Baina, dena berria eta esperimentatzea izanik, etsitzeko goizegi zen artean eta neure burua pelotoitik ihes egindakoen taldetxoan ez ikusteak, indar berriz ekinarazi zidan: "ni banauk horiek haina, Txapelketan ez diat neurerik eman baina, plazan erakutsiko diat" nioen neurekiko. Denek izan ez duten zortea izan nuen eta plazak aukera berriak eman zizkidan. Zortekoa izan nonbait!

Lau urte geroago, antolaketan egundoko errebolta gertatu ondoren, behetik gora pausoka gailurrera iritsi nintzen. Ez dago nire bizitzan hura baino esperientzia politagorik: konfiantza hartzeak saiatzeko gogoa ematen zidan; zinema eta pilotalekuak gainezka ikustea egundokoa zen; bertso on edo onxamar bakoitzeko harrotasun punttu bat sentitzen nuen. Gainera, Txapelketa hura geuk antolatu genuen, geurea zen eta ardurarekin batera entzule kopuru izugarriak, medioetan izaten ari ginen espazioak eta telebistak ekarritako aire freskoak, ametsezko lainoetan hegan ibilarazten zigun.

Egia da lau urte lehenago neuk bizi izandako esperientzia mikatz hura ez neukala ahazturik eta, neu aurrera nindoala ikusteak eta bizitzeak sortzen zidan goxoa, neurri handian, itzaltzen zidala atzean geratuei begiratzeak. Haien begirada inork baino hobeto irakurtzen nuen; banekien lagunen bihotz minduaren sentipenaren berri baina, neu egoera berean nengoela inor gutxiren arrazoiek kontsolatzen ninduten bezala, neuk ere ezer gutxi egiten nuela iruditzen zitzaidan edo, inor gutxiri ematen niola benetako indarra eta bultzada aurrera egin zezan. Horrelakoetan babes ikaragarria izaten da gutxien uste duzunaren eskutitza edo bertsolari kontsagratuaren iritzia eta bizkarreko sentitua.

Dena den, emoziozko mozkorraldi honetan txapela Belodromoak zeukan. Hura lepo beteta ikusteak -bertso munduan lehen aldiz ikusi ahal izan genuena- edonori dantzan jartzen zizkion praka barrenak eta gainerakoak. Han bildu zen emozioa, han zegoen indarra, hura zen mauka mezua bota nahi zuenarentzat eta zer botea zeukanarentzat. Ez dut sekula ahaztuko! Mundu berri bat ireki zigun, han ginenoi eta bertsolaritzari berari ere bai.

Orduan geuk egin genuena eta orain geuri gertatu zaiguna antzekoak izango dira, nahiz eta oraingoa ez dudan neure larruan erabat bizitu. Final hartan -zer den gora egin nahia eta gazte izatea!- zortzikotean ginen bost gazteenok taldean jokatu genuela dirudi. Guretzat Amuriza, bertsoa ikasteko moduan begi aurrean jarri zigun maisua zen eta da. Lopategi, plazetako langile onenetakoa eta guretzat ispilu, beste batzuen artean eta Jon Enbeita, beti berea ematen zuena txapelketetan. Gu, berriz, haien ondoan ezer askorik ez. Baina kantuan hasi ginenean, barruak hala aginduta edo subkontzientean hori idatzirik geneukalako, denok batera bezala eraso genien beteranoei. Gutako bakoitzarekin tokatzen zitzaionari egurra zetorkion eta, nik esango nuke harro geundela denon artean gain hartzen genielako. Ez zen inolaz ere aurrez hitz egindako ezer, ez, denok nahi genuen teorian hobeak ziren haiek baino hobeto aritu, horrek egiten baikintuen aurrean geneuzkan entzuleentzat bertsolari eta geuretzat ere bai. Egun antzeko zerbait gertatzen zaio Egañari. Hiru txapel janzteak, bera jartzen du beste guztien jomugan baina badira diferentziak, adibidez: Egaña eta besteen artean dagoen urteen aldea ez da gu eta Lopategi edo Amurizaren artekoa haina, orokorrean; Andoni eta finalista denak, bat ezik, azken urteetan elkarrekin dabiltza saioz saio.

Baina kontaketarekin aurrera jarraituz, pozaren gorena Xebaxtian txapeldun zela jakitean sentitu genuen; geuk irabaztea bezala zen, agian hainbeste ere ez baina... Berak sinestarazi zigun gutako norbait izan gintezkeela txapeldun egunen batean eta boskote gazte hartatik hiruk txapela jantzi dute.

Ondorengo lau urteetan plazako saiok asko ugaritu zitzaizkidan eta edonon ongi kantatzen asmatzen hasi nintzela uste dut. Beste konfiantza bat sumatu nuen neuregan eta, zerbait banintzela sinistera iritsi nintzen.

1989an ordea, nahiz eta sailkapen saioetan oso pozik aritu eta, berez, finalerako sailkatzea egundoko lorpena den arren, nik uste, hark markatu ninduela dezente. Han bizi izandakoa hain izan zen nahi eta ezinaren borroka, anestesiatuta nengoen sentsazioa, ongi esnatu gabekoarena, izuti bihurtu ninduela. Egia da gure seme-alabak 86 eta 89an jaioak dira eta biak sailkapen fasean; alabak sortu berritan izan zuen ustekabeko eritasun hark ordea, kontzentrazioa galarazten zidan: onik aterako ote da? elbarri geratuko? . Hain ume ttikia tuboz eta orratzez beteta ikusteak, saioa baldintzatu zidan. Gaiak entzuten nituen baina haren argazkia zetorkidan burura, garbi, garbi. Nekea, lotsa, kezka... hainbeste jende aurrean eta egiten ari nintzana besterik ezin egina! Mingarria zen eta oraindik ere, orduko oroitzapena, hala da. Dena den, benetan eskertzen diot Txueka sendagileari, bazkalondoan Belodromoan sartu eta, nire zain egon izana, alaba orduantxe ikusi zuela eta ongi zegoela esateko. Poztu ninduen eta arinago gertatu zitzaidan arratsa, nahiz eta kantuan aldaketa nabarmenik ez egin.

1993. Gainbehera Eibarko saioan hasi zen. Urduri joan nintzen baina boxeo kontuak gehiegi ez menperatzeak edo une garrantzitsuan detaileak ez jaso izanak, lana behar bezala bete gabeko sentsazioa gaineratu zidan. Hala ere, buruan hori izan eta gero, Andonik jaiotzez itsua izanik bere maitearen aurpegia ukitzen ari zelarik botatako hiru bertsoak entzun ondoren telebistari kantatzera irteteko barrua behar zen. Halako bertsoak entzun ondoren hain gai erabilia eta ezaguna jasotzeak, ez jendearengan eta ez epaileengan eraginik lortzeko moduko arrazoirik sortuko ez duzun sentsazioa biziarazten dizu. Geroago entzun diot saio hartan kantuan zen bertsolari bati, Andonirenak entzun eta "orain Murua bakarka" aditzean, barruak zer buelta eman zion; zein zaila iruditzen zitzaion egoera hartan hasi beharra.

Geroztik jokatutako txapelketez ez dut hain gauza zehatzik gogoan. Hasi aurretik finalera iristea ezinezkoa zela usteta hasten nintzelakoan nago. Zer egin dezaket aurten aurreko txapelketetan egin ez dudanik hobeto prestatu eta aurrera egiteko? Zer neure buruarekin neukan konfiantza galdua berreskuratzeko? Hori zen nire hausnarketa.

Laguntza dena neukan ingurukoengandik baina ez da hori aski, norberak sinistu behar du eta prestaketa horrela bakarrik egiten da garantiaz. Gero, lehen txapelketetan izaten duzun berritasuna eta superatzeko grinarik ere ez dago, denbora joan ahala epeltzen joaten da hori ere: errimak lantzen hasi eta lehendik ongi dakizun eta erabiltzen duzun zerbait dela ematen du, ezin duzu hitz berri era gustagarririk aurkitu, gutxi batzuk izan ezik. Doinuak, denak ez baina ia, ia denak ezagutzen dituzu eta erabili ere bai. Gai mordoa erabili duzu eta kantatzeko benetako motibazioa sortzen dizuten gero eta gai gutxiago suertatzen zaizu...ene, zaila benetan horrela aritzea!

Gaiek ere badute eragina, noski baietz, baina norbere buruan dago dena. Hasieran, gai onak dira denak, batzuk eskasagoak baina denak bertsotarako modukoak. Gero, gaiak hasten dira agortzen eta aurrez saioren batean esandako arrazoiak darabiltzazula beti iruditzen zaizu. Eta hori nik memoria txarra dudalarik, zenbaitek bezalakoa izan banu! Kontua da, ilusioa eta arrazoi berriak sortzeko segurtasuna kentzen dizula detaile ttiki multzo horien pilatzeak. Nik egundoko inbidia diet jartzen dieten gaia jarri beti gogo bera adierazten duten bertsolariei.

Noski, denbora guzti honetan gaiak, gaien esparruak eta formulatzeko erak ere aldaketak izan dituzte. 82an nekazal ingurukoak ziren egoerak, aurrez bertsolariek erabiltzen zituzten hiztegi eta esaerek lekua hartuta zeukaten gure buru gazteetan eta haiek esparru edo hiztegi berrietaratzea lortzen genuen. Orain ordea -nahiz eta gai ezagunak izan edo bertsoak kantatzeko lain menperatu behintzat- edo formulazioak beti gaiak kontraesku datozkizun irudipena pizten dizu edo lagunak zurea ez den orijinaltasunetik heltzen die edo... jokoz kanpo geratzen zara askotan. Horregatik izango da, orain, libreko saioetan eta afalostekoetan gehiago gozatzea, neronek nahi dudan ikuspegitik lantzeko aukera daukadalako eta ez nagoelako ikuspegi jakin baten ildoan ibiltzera behartuta. Neu naizena edo gustukoen dudana adierazteko aukera ematen didalako: tonuan, sentimenduan, kolorean, erreferentzietan...

Amaitzeko, gaijartzaileek -txapelketan dabiltzanek behintzat- normalean lan ona egiten dute eta bertsolariok gara gaia on edo txar bihurtzen dugunak. Oso lan zaila da gaia ongi ulertzeko moduan ematea zuk erantsi nahi dizkiozun hesi eta ñabardurak lehen kolpean bertsolariak barnera ditzan.

Epaileei buruz ere antzeko zerbait esango nuke: bertsoak norberari sortzen dizkion emozio, nobedade, harridura (ahotsa, adierazteko goxotasuna / gordintasuna, kantaera...) eta gainerakoen arabera puntuatzen du bakoitzak; bakoitzari bertso bat edo bestea gustatuko zaio eta ez genuke harritu behar epaile bat eta bestearen artean bertso berean puntu alde handia egoteaz, ezta bertsolari bat eta bestea puntuatzerakoan egon daitezkeen aldeez ere. Ez al ditu bada bakoitzak bere gustuak? Hanka sartzeak egingo zituzten eta egingo dituzte baina horrek ez dauka bueltarik. Bertso bera denek berdin neurtzen duten epaimahaia ez da entzule denen gustukoa izango ezta bertsolari denena ere. Hori gertatzen den egunean bertsolaritza ere globalizatu zaigun/dugun seinale.