Bertsolari Txapelketa Nagusia 2001

 

I. ATARIKOA

(Inazio Mujika Iraola)

 

II. SAIOZ SAIO

 

III. KRITIKA

 

IV. IRITZIAK

 

URRATS GILTZARRRI BAINO AREAGO (Andoni Egaña)

 

HIRU BERTSO ETA BI IRUZKIN (Jon Sarasua)

-Miatu topikoa

-Ford Fiesta gorrira bidaia

 

GAIAK JARTZEAREN KATRAMILA (Laxaro Azkune-Manuel Olano)

 

ATZO ETA GAURKO TXAPELKETAK (Iñaki Murua)

 

V. DOINUAK

(Joanito Dorronsoro)

 

VI. ERANSKINAK

 

 

 

IV. IRITZIA / HIRU BERTSO ETA BI IRUZKIN ( Jon Sarasua)


Miatu topikoa

Agurrak. Belodromoko agurrak izan ziren zantzu aipagarriak bertsogintzan zertan diren eta bertsolaritzan zertan garen azaltzeko. Alde askotatik itsaso mugitua zebilen bertsoaren uretan. Ur mugitu haien erakusgarri, a posteriori idatzitakoa baino adierazgarriago izan litezke finalaren aurretik idatzitako artikuluko zatiak:

"Diskurtso atzerakoi tipikoa oso ohikoa da bertsogintzari buruz. 'Onenak falta dira' entzun dut aurten. 'Txirritara arte bai' entzun izan dut, 'Egañaren belaunaldira arte bai' ere bai orain. Jende kultu eta sonadunen iritziak dira askotan, baina ez dute sakonean alderik 'garai bateko pelotariak bai!' edo 'orduko arraunlariak!' horrekin. Autentikotasuna, tradizioa eta sormena ulertzeko moduan defizit harrigarria erakusten du bertsogintzari buruzko zenbaiten ikusmoldeak. Bertso munduan murgilduta dabilenak badaki bertako gaitz eta arriskuen berri, baina beste hau ere bai: sekula ez da bertsogintza gaur bezain bapatekoa, azkarra, askotarikoa eta exijentea izan. Txapelketen historian finaletan izan diren bertsolari guztietatik oso gutxi, banakaren bat, sartuko litzateke aurten finalean orduko mailan bertsotan eginda. Ez naiz ni bertsoa neur daitekeela uste dutenetakoa, baina jarritako joko-arauen ararbera, zortzikote gutxi osa litezke aurtengoa baino hobeak".

"Nagusitzen ari den belaunaldiaren aniztasun faltaz ere entzun ditut gauzak. Ailetor bertsolari konstituziozale, hippie, kristau edo neoliberalik plazetako elitera. Biziki interesgarria litzateke, baina ez diet horren falta dabiltzanei egotziko. Eta lehengoa: epaitzerako, ezagutu. Bertsolari gazteen iritzi politikoan dauden ikuspegiak, zalantzak eta ñabardurak, gutxienez beraien etiketatzaileenak bezain aberatsak direlakoan nago. Erakutsiko du plazak etorkizunean. Eta hala ez balitz ere, eman beza bakoitzak beretik. Bidenabar, aspertzen ari naiz ikusirik ze esparru zabalean hedatu den bertsogintzaren 'aldebateratzearen' bertsioa, bertsolariren baten alboratzea aipatuz argudio lagungarri. Behingoz esan beharko da bertsotan gustura sentitzeko eta bertsozaleek maitatua izateko garrantzi gehiago dutela izakera kontuek, herrikotasunak eta bizitza-estiloko hautuek, eta ez hainbeste iritzi politikoek, norbaitzuk azken honetan zuritu nahi badute ere zenbait frustrazio pertsonal eta kolektibo".

"Belaunak edo altzoa izan dira bertsolaritzaren mugimendu berriaren obsesio. Nonbait, gure albo-erdarek hedapena (espazioa) amets izan duten bezala, euskarak iraupena (denbora) du amets. Biziberritzeko estrategia gaitzean, belaun izaten saiatu da bertso mundua. Ahalegin horrek tajutu du mugimendu osoa: bertso-eskolen sorrera, Elkartearen gorpuztea, irakaskuntzako apustuak, bertsolarien arteko transmisioa. Xenpelarrek arrazoi, bere atzerakoian: jaio dira berriak. (…) Transmisio konsziente baten emaitza da inoizko txapelketa gazteen eta zenbait arlotan sendoen hau. Transmisioak bertsolaritzaren mugimenduaren zutabe nagusi izaten jarraitzen du. Eta lanean ari denari, berriketa gutxi".

Finalaren bezperako gauean, Kafe Antzokiko 6. urteurreneko jaialdian iruzkin bitxia egin zidan lagun batek. Oholtzan kantari gazte bat ari zen, euskarazko poema kosmopolitak ezpainetan, erritmo anglosaxoi ohiko xamar bat gitarra akustikoan.

- Suziri iragankorrak -edo halako zerbait esan zidan lagunak- Modako doinu mota, posea, itxura. Funtzionatzen duela zirudik, baina hemendik hiru urtera inork ez dik faltan botako. Konsistentzia gehiagoko ekarpenak behar dizkiagu. Une honetan, adibidez, herria (euskararen komunitate-guneaz ari zen, bera ezagututa) mindua zegok, noragabetua. Oholtzan dagoen hori ez dek gai ezer sinesgarria esateko une honetan herri mindu honi. Ibilbide sinesgarria egin duten edo egingo duten ahotsak behar dizkiagu oholtzetan. Horiek irauten ditek, gehienak modaren haizeak eramaten dizkik.

Euskal musikaz mintzo zen, baina niri burua bertsogintzara joan zitzaidan. Handik hamar ordura, berandu baina patxadan belodromoan sartzen ari nintzela pasabidean entzun nuen Maialenen agurra:

herri honetan egunsentiro
minez aseta gaude gu
baina barnean amets bat dugu
ta gaur sinets dezakegu
herri honetan egunsentiro
minez aseta gaude gu
gozatzeko ta dibertitzeko
egun bat merezi degu.

Urdaila mugitzen hasi zitzaidan. Sekulako final-saiorik indartsuena iragartzen zidan agur hark. Hain zuzen ere agur hark.

Topikoa da herriaren amets eta minei kantatzen dion bertsolariaren kontua. Eta topikoak puskatzeko joera (hori ere pose erraza da askotan) erakutsi duten bertsolariak, topikoa dela jakinik ere, beronetara itzultzen direnean, zerbait dago azpian. Topiko horretara nabarmen itzuli ziren bertsolariak belodromoan. Berau kritikatu egin beharko da, ñabartu ere bai, baina beste hau ere egin behar zaio: miatu, barruan zer duen ikusteko. Bada zerbait hor bertsolaritzari dariona. Ikasten ari garena baina oraindik aski ikasi ez duguna horixe da: dariguna miatzen, darigunetik abiatzen. Utz dezagun zabalik gaia.