|
Bertsolari Txapelketa Nagusia
2001
(Inazio Mujika Iraola)
1. TXAPELKETA NAGUSIAREN HISTORIA TTIPIA 2. TXAPELKETAREN ANTOLAKETA ETA EGITURAZ 3. BERTSOLARI PARTEHARTZAILEAK 4. BAT-BATEKO BERTSOAK EPAITZEKO IRIZPIDEAK
|
VI. ERANSKINAK / TXAPELKETA NAGUSIAREN HISTORIA TTIPIA
2. 1936 - Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedi Elkarteak antolatu zuten, baina lehenengoan ez bezala hiru sailkapen saio antolatu ziren herrialdeetan. 30 bertsolarik hartu zuten parte eta 10ek jokatu zuten finala Donostiako Victoria Eugenia antzokian (1936-01-19). Txirritak eraman zuen txapela. 3. 1960 - Gerrak eta frankismoak eraginiko etenaldi luzearen ondoren Euskaltzaindiak hartu zien txanda aurreko antolatzaileei. Herrialdeetako txapelketak jokatu ziren lehenik; 56 bertsolarik hartu zuten parte. Txapelketa Nagusia Donostiako Victoria Eugenia antzokian jokatu zen (1960-12-18) hamar bertsolariren artean. Basarrik bere bigarren txapela janztea lortu zuen ia 26 urte beranduago. 4. 1962 - Euskaltzaindiak antolatu zuen. Aurrekoan bezala, herrialdeetako txapelketak jokatu ziren aurrez. 84 bertsolari aritu ziren horietan. Egun bateko ekitaldian jokatu zen Txapelketa Nagusia Donostiako Astoria antzokian (1962-12-30); hamar bertsolarik jardun zuten eta Uztapidek etxeratu zuen txapela. 5. 1965 - Euskaltzaindiak antolatu zuen. 113 bertsolari aritu ziren aurrez antolatutako herrialdeetako txapelketetan. Donostiako Anoeta pilotalekuan jokatu zen Txapelketa Nagusia (1965-01-01), eta aurrekoetan bezala 10 bertsolarik jokatu zuten txapela. Irabazlea, bigarrenez, Uztapide izan zen. 6. 1967 -Euskaltzaindiak antolaturiko laugarrena. 83 bertsolarik parte hartu zuten herrialdeetako txapelketetan. Hauetan hautatutako zortziak eta, aldi honetako besteetan bezala, aurreko txapeldunak eta txapeldun-ordeak jokatu zuten Txapelketa Nagusia Donostiako Anoeta pilotalekuan (1967-06-11). Uztapidek jantzi zuen txapela hirugarren aldiz. 7. 1980 - Ia hamahiru urteren buruan, bere aroko bosgarrenaren antolaketari ekin zion Euskaltzaindiak. Antolakuntza molde berriaz, antolatzaileek hautatutako 16 bertsolariren artean jokatu zen. Bi kanporaketa jokatu ondoren, Donostiako Balda pilotalekuan burutu zen finala (1980-01-06), eta Xabier Amurizak bere lehen txapela jantzi zuen. 8.
1982 - Euskaltzaindiak antolaturiko seigarrena eta azkena izan zen hau.
Parte-hartze zabala izan zuen, 67 bertsolari, eta sailkapen saio ugari
jokatu ondoren Donostiako Balda pilotalekuan jokatu zen finala (1982-12-20).
Bigarren aldiz Xabier Amurizak jantzi zuen txapela. 9. 1986 - Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak (EHBE) antolatutako lehena. Txapelketaren eraketari buruzko desadostasun batzuk tarteko, bertsolariek bertsozale hainbaten laguntzaz bere gain hartu zuten Txapelketa Nagusia antolatzeko ardura. Herrialdeetako txapelketa eta kanporaketetan 91 bertsolari aritu ziren. Txapelketa Nagusian 40 lehiatu ziren eta Donostiako Anoeta belodromoan jokatu zen finala (1986-03-23). Sebastian Lizasok jantzi zuen txapela. 10. 1989 - EHBEren aroko bigarrena. Aurreko urteko eraketa berarekin burutu zen txapelketa hau ere. 109 partaide izan zituen edizio honek eta hauetako 40k jokatu zuten Txapelketa Nagusia. Donostiako Anoeta belodromoan jokatu zen finala, beti bezala, goiz eta arratsaldeko saioan (1989-12-17). Jon Lopategik jantzi zuen txapela. 11. 1993 - EHBEk antolatutako hirugarrena. 101 bertsolari lehiatu ziren herrialdeetan. Hauetako 40rekin jokatu zen Txapelketa Nagusia. Bertsolari hautatu guztiak maila beretik hasi ziren eta Donostiako Anoeta belodromoan eman zioten txapelketari amaiera (1993-12-19). Belodromoa mukuru, Andoni Egañak bere lehen txapela janztea lortu zuen. 12. 1997 - EHBEk (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea ordurako) antolatu zuen. Bertsolaritzaren "boom"a apur bat apaltzen hasia zen ordurako, eta bertsozaleen neurriko txapelketa eratzeko ahalegina egin zen. Aurretiaz jokatutako herrialdeetako txapelketak kontuan harturik 114 izan ziren lehiatutako bertsolariak, eta hauetako 42k jokatu zuten Txapelketa Nagusia. Sailkapen ekitaldi guztiak saio bakarrera jokatu ziren eta Donostiako Belodromoan eman zitzaion amaiera goiz-arratsaldez luzatu zen finalean (1997-12-14). Andoni Egañak bere bigarren txapela jantzi zuen. 13. 2001 - EHBEk antolatu duen bosgarrena. Parte-hartze zabalena izan duen txapelketa historian: 171 bertsolari izan dira herrialdeetako txapelketak kontuan harturik ahalegindu direnak. Bertso Eskolen emari zabala izan da protagonista. Ibilbide luzea egin ondoren, Donostiako Belodromoan eman zaio amaia abenduaren 16an. Andoni Egañak jantzi du berriro txapela.
|